Topaketa João Fiadeirorekin, DEKen eta elkarlaneko lanean dituen aplikazioen harira
Azaroaren 3an, ostiralean.
19:00etan (90 minutu, gutxi gorabehera).
Wikitoki (Harrobi plaza, 5 2.a 48003 Bilbo).
Doan, aretoa bete arte (50 pertsona).
Denbora Errealeko Konposizioa (DEK) koreografiak sortzeko teknika bat da, João Fiadeirok 90eko hamarkadan garatutakoa. Hasiera batean, sorkuntza kolektiboa babestu nahi izan zuen piramide-formako eta aldebakarreko botere-egiturak oinarri dituzten elkarlan-moduetatik (koreografoa-dantzaria). Izan ere, egitura horiek desberdintasunak eta bidegabekeriak eragiten dituzte, eta horrez gain, ez daukate ideiak eta erantzukizunak partekatzean sortzen den sormenezko indarra. Gaur egun, DEKen eraginak sorkuntza eszenikoa gainditu du eta beste esparru batzuetara hedatu da, eta erabakiak hartzeko, elkarlanean aritzeko eta harremanak izateko prozesuak simulatu eta trebatzeko tresna gisa erabiltzen da.
Topaketan, João Fiadeirok Denbora Errealeko Konposizioaren oinarriak azalduko dizkigu. Jakitera emango digu teknikak nolako paradigma-aldaketa dakarren elkarsorkuntzako prozesuetan, bai norbanakoen artean bai kolektiboetan. Eta harekin solasean arituko gara askotariko erakundetako lan-prozesuetan DEK erabiltzean izan dituen bizipenei buruz.
Gogoratu: azaroaren 3an, ostiralean, 19:00etan, Wikitokin.
Etorri jarrera norekin hartzera!
João Fiadeiro eta haren belaunaldiko koreografoak 80ko hamarkadaren amaieran nabarmendu ziren, eta Portugaleko dantza berria sortu zuten. RE.AL konpainia 1990ean jarri zuen abian, eta horren baitan, ikuskizunak sortu eta munduko zenbait herrialdetan zabaltzen ditu. Bestalde, 2011tik 2014ra bitarte, Lisboako AND_Lab ikerketa-zentroko zuzendari izan zen Fernanda Eugénio antropologoarekin batera; zentroa prestakuntza- eta ikerketa-plataforma bat da, sormenaren, iraunkortasunaren eta egunerokoaren interfazean. Halaber, bere alde sortzailea sei urtez eten zuen, DEKen sistematizazio-prozesuan eta horrek arlo zientifiko batzuekin dituen topalekuetan aritzeko; esate baterako neurozientziarekin eta sistema konplexuen zientziekin.
Jarrera hartu norekin ELKARLANerakoDEK ikerketaren barruan dago, horren bidez esploratu nahi baitugu zer aukera ematen dituen DEKek elkarlaneko beste testuinguru batzuetan.
Gure helburua tresna metodologiko batzuk garatzea da, arte eszenikoetan eta arte eszenikoen moduetan (hitzezkoak ez diren hizkuntzak erabiltzea, gorputzarekin eta espazioarekin lotuta dagoena, abstrakzioak eta subjektibotasuna…) trebatuta ez dauden esparruetan teknika erabili ahal izateko. Testuinguru horietan, oro har, elkarlaneko jolasaren baldintza materialak mugatuta eta baldintzatuta daude (presioa emaitza zehatzak lortzeko, denbora gutxi, desoreka motibazioetan, etab.).
Topaketa honetaz gain, ikerketaren barruan parte hartzeko beste deialdi ireki batzuk antolatuko dira. Jarduera horiei buruzko informazio espezifikoa jaso nahi baduzu, bidali mezu bat, eta gaian, idatzi ELKARLANerakoDEK.
Interesante…