ELKARLANerakoDEK-en barruan, helburua Denbora Errealeko Konposizio (DEK) deritzon teknika beste esparru batzuetara (esparru kulturalak, sozialak, teknozientifikoak…) egokitzea edo horiekin hibridatzea da, haren jatorria dantza baita. Hartara, asmoa lanerako eta elkarlaneko diseinurako tresna metodologiko bat sortzea da, lankidetzako eta elkarsorkuntzako prozesuen mesedetan, norberarena eta kolektiboa modu orekatuan konbinatuta, eta gorputzaren, espazioaren eta entzutea/behatzearen performatibitatea hitzaren eta logika diskurtsiboaren performatibitatearen aurrean jarrita.

 

1. ERRONKA: elkarsortzea, norberarengandik, kolektibotik eta denon partekatzen dugun horretatik abiatuta.

Elkarsorkuntzako prozesuetan, tentsioak sortzen dira etengabe norberarena denaren (partaide bakoitzak berezkoa duena), kolektiboa denaren (talde jakin bati dagokiona) eta denok partekatzen dugunaren artean (prozesuan parte hartzen duten taldekideena eta gizartearena ere badena). Tentsio horiek produktiboak dira prozesu kolektiboak garatzeko, eta ez dira desagertu behar; nolanahi ere, egoki landu behar dira beren ahalmen eraikitzailea askatzeko. Izan ere, tentsioak gaizki kudeatzen badira, taldeen aurrerapenak gelditu egiten dira sarritan, edo elkarlaneko dinamika ere hautsi egin dezakete.

Oro har, elkarlaneko praktikak baldintza jakin batzuetan gauzatzen dira: berehalako emaitzak premiaz bilatzea, nahikoak ez diren baliabideak, denbora-tarte desegokiak, nahikoa sendoak ez diren konfiantza edo elkarrekiko ezagutza, lan-kultura ezberdinak, kontrako interesak, heziketa indibidualista eta lehiakorra… Hala, baldintza horiek funtzionamenduak betikotzeko joera izaten dute, norberaren inertziak eta ereduak direla bide, eta ondorioz, prozesu hegemoniko hierarkikoek bere horretan jarraitzen dutenez, elkarlanen ahalmena mugatzen da eta emaitza posibleen espektroa murrizten da.

Baina ez dugu geldirik geratu behar elkarlaneko prozesu bat aktibatzeko baldintza onenak noiz lortuko ditugun zain, bai baliteke betiko itxaron behar izatea. Aitzitik, baldintza horiek hobetzen saiatzen garen bitartean, tentsio horiek kudeatzen laguntzen diguten printzipioak eta ekintzak esperimenta ditzakegu, eta jokoan jarri, tartean daudenen itxaropenak eta desioak aintzat hartuta, baita haien gaitasunak eta denon helburuak ere. Hori da ELKARLANerakoDEK-ek heldu nahi dion erronka.

 

2. Nola heldu erronka horri?

ELKARLANerakoDEK-en ardatza lanerako eta elkarlaneko diseinurako metodologia bat garatzea da. Hartara, dantza garaikidetik datorren Denbora Errealeko Konposizio (DEK) deritzon teknika beste esparru batzuetara (esparru kulturalak, sozialak, teknozientifikoak, ekonomikoak, industrialak…) egokitu eta horiekin hibridatu nahi da, horietan lankidetza, elkarlana eta elkarsorkuntza bilatzen badira.

Kontua tresna metodologiko jakin bat sortzea da, elkarlaneko prozesuen mesedetan. Prozesu horietan, halaber, norberarena eta kolektiboa modu orekatuan konbinatu behar dira, eta gure buruaz hausnartzeak eta elkarrekin lan egiteak dakarren eraldaketa praktikan jarri, zailtasunak eta paradoxak barne. Ekintzetan murgiltzeko teknika bat da, gorputzaren, espazioaren eta entzutea/behatzearen performatibitatea hitzaren eta logika diskurtsiboaren performatibitatearen aurrean jartzen duena.

 

3. DEK abiapuntuko erreferentzia gisa.

Denbora Errealeko Konposizioa (DEK) sorkuntzako eta elkarlaneko teknika bat da, dantza garaikidearen eta arte performatiboen testuinguruan sortu zena João Fiadeiro dantzari eta koreografoaren eskutik. DEKek egiteko, konposatzeko eta koreografiatzeko beste era batzuk entseatzeko aukera ematen du, gorputzaren, espazioaren eta entzutea/behatzearen performatibitatea hitzaren eta logika diskurtsiboaren performatibitatearen aurrean jarrita, orainaldi kultural, sozial eta politikoaren gainean pentsatu eta ekiteko, ikuspuntu estetiko eta jarrera etiko jakin batzuetatik abiatuta.

DEK ezezaguna denari eta etortzeko dagoenari heltzeko lan-tresna bat da, eta erabaki asertiboak hartzen laguntzen du; alegia, testuinguruarekin bat datozen erabakiak, beti besteekiko harremanean. Arteak eta politikak elkar ukitzen duten zirrikituetan kokatzeko modu bat da, adostuta ez dauden adierazpen kolektiboak asmatzen eta berriz diseinatzen diren esparru horretan.

DEK ez da aurrez zehaztutako gidoi baten emaitza; aitzitik, inprobisazio kolektiboak ematen dituen aukeretara irekita dago, eta partaideen arteko harremana zein denok partekatzen dugun horre(ta)n eraikitzea azpimarratzen ditu. Pentsamendu-sistema batek eta modu operatibo batek osatutako teknika bat da, kontzeptu-tresnek eta tresna-kontzeptuek osatua, teoriaren eta praktikaren arteko dikotomia hausteko. Partaide guztiek izaten ari dena Erreparatzen, Konposatzen eta Mantentzen dute, honako printzipio orokor partekatu hauei jarraituz:

  • KON-POSIZIOA NOREKIN (norekin egon)
    Subjektuak ez du bere burua bakartzat jotzen baizik eta sistema/talde/kolektibo baten barruan ikusten du bere burua, haiekin sortzen ari da (ekarpenak/erabakiak norbanakoenak dira, baina edonorenak izan zitezkeen, partekatzen denarekin lotuta daude eta).
  • ELKARREKINTZA
    Partaide guztiek maila berean lan egin eta eragiten dute, konposizio berean (denen artean eraikitako proiektu bakar bat baita).
  • BERRASIERATZEA ETA ERREPARATZEA Etengabe ezabatzea nire ustez gertatzen ari dena, gertatzen ari denaz berriz jabetzeko.

Ikerketa honen helburua ez da DEK teknikaren erabilera garbizalea egitea, alderantziz: beste praktika eta diziplina batzuekin harremanetan sartu nahi dugu, hackeatu eta nahasi harik eta beste metodologia batera iristen garen arte. Alabaina, izaera kolektibo eta prozesualaz gain, eutsi egin nahi diogu balioak eta egiteko moduak aldatzearen aldeko apustuari egungo ekoizpen-sistemari begira. Honela adierazten dugu aldaketa hori:

Ziurtasuna → Konfiantza
Itxaropenak → Itxaronaldia
Zurruntasuna → Zorroztasuna
Lehiaketa → Elkarlana
Eraginkortasuna → Nahikotasuna
Baldintzatzea → Baldintza
Boterea → Indarra
Manipulazioa → Eskuen artean erabiltzea
Esanahia → Zentzua

Guardar

Guardar

Guardar

Guardar

Guardar

Guardar

Guardar

Guardar