DEK elkarrekin pentsatzeko eta elkarrekin egoteko sistema bat da, eta haren ezaugarri nagusia purua ez izatea da; ez alferrik, topaketa ugarik eta topaketa ugariz kutsatuta dago, munduko toki ugariz eta zenbait diziplinaz. Horrelaxe hasi zen João Denbora Errealeko Konposizioari buruz hizketan. DEK eta horren aukerak ikertzen jardun du 20 urtez, eta azaldu zigun tresnaren mutazio asko eta ustekabeko konexio sinesgaitzak bizi izan dituela, eta hori sistemaren beraren ezaugarri bihurtu dela jada.
Orain, DEKez mintzatzeko hitz aproposago bat bilatzen ari da, ez baita teknika bat, horrek emaitza bat iradokiko liguke eta; aldiz, sistema edo tresna bat da, elkarrekin pentsatzen, elkarrekin egoten laguntzen diguna.
DEKen bitartez, begirada treba dezakegu gauzak elkarren artean nola jartzen diren harremanetan ikusteko, ez hainbeste gauza horiek zer esan nahi duten. Sentsibilitatea eta gertatuko den horretan benetan egoteko gaitasuna lantzeko lagungarri da. Jarrera norekin hartzeko eta jarrera gertaeren aurrean hartzeko gaitasuna. Ohituta gauden horretatik urruntzera behartzen gaitu, gure erreflexuak inhibitzera eta horiek aukera bihurtzera. Munduan egoteko era trebatzen du, beste pertsona batzuekin egoteko era, eta jarrera bat berreskuratzeko aukera ematen digu. Jarrera hori gertaeren aurrean egoteko bertute bat da; ia denok galdu dugu hori, baina noizbait izan genuen, haurrak ginenean, ziur asko.
Lehenbizikoz, Anatomia de uma decisão kaleratu du, eta argitalpen horretan, DEK sistemari buruzko ikerketa-prozesu guztia jaso da, baita aplikagarritasunari eta aukerei buruz topatu dituen giltzarriak ere. Arduraz egindako lan dotorea da, eta web-orri honetan ikus eta eros daiteke.
Hala Joãoren aurkezpenean nola gerora Joãorekin eta Carolinarekin izandako solasaldietan eta egindako lanean, une garrantzitsu eta erreferentzia asko jaso genituen, eta esplorazio- nahiz aukera-bide asko ireki zizkiguten sistemarekin lan egiten jarraitzeko eta mutazioak bilatzeko jolas eginez, beste espazio eta testuinguru batzuetan aplikatze aldera. Horixe da gure erronka 2017ko bukaerarako eta 2018ko hasierarako. Jakinaren gainean jarriko zaituztegu, urratsez urrats!
Oraingoz, hemen duzue editatu dugun Joãoren aurkezpena, eta espero dugu inspirazio-iturri izatea, guri gertatu zitzaigun bezala.
Kronika hau amaitu eta DEKen haritik tira egiten jarraitzeko, Joãok eta Carolinak emandako bideo bat uzten dizuegu, teknikaren oinarriak oso modu bisual batean ikusten dira eta. Nova Lisboa unibertsitateko BLACK BOX arts and cognition ikerketa-proiektuaren barruan dago; zehazki, artista garaikideen sorkuntza-prozesuak aztertzen dituzte dantzaren eta antzerkiaren ikuspegitik.